Ohorezko Erregionaleko bigarren jardunaldia jokatuko da asteburu honetan, eta honen baitan, “Lutxo” Iturrinok zuzentzen duen Mondra Donostia aldera joango da. Izan ere, sarrailagileek Trintxerpere egingo diote bisita, eta 2012-2013 denboraldiko aurreneko garaipena bilatuko dute. Norgehiagoka zapatu arratsaldean jokatuko da, 17:00etan hasita.
Esan bezala, arrasatearrek ez diote bide onetik ekin denboraldi berriari, pasa den asteburuan estreinako partiduan 1-2 galdu baitzuten Aretxabaletaren kontra Mojategin. Iturrinoren mutilak lehen zatian txukun aritu ziren, baina bigarrenean fisikoki behera etorri, eta lehen zatian Ormaetxeak markagailuan jarritako 1-0koari buelta eman zion Alberto Albistegik zuzentzen duen Aretxabaletak.
Gauzak horrela, jardunaldi bakarra jokatu ostean talde zuri-morea puntu barik dago, eta hamahirugarren sailkatua da. Trintxerpek puntu bat urratuz ekin dio denboraldi berriari, pasa den asteburuan 2-2 berdindu baitzuen Nafarroa aldean, Beti Gazteren zelaian. Gauzak horrela, Iturrinoren mutilek garaipena erdietsiz gero, Trintxerpe aurreratuko lukete sailkapenean.
Ohorezko Erreginoaleko egungo liderra Tolosa da, pasa den asteburuan Beriori etxean 3-1 irabazi ostean. Bere atzetik, berriz, Aretxabaleta bera dago. Bailarako beste ordezkariei dagokionez, Aloña Mendik puntu bat du, Ostadarren kontra Azkoagainen lortutakoa (1-1). Bestetik, Nicasio Galanen Bergarak irabazi egin zuen denboraldiko aurreneko partidua, 1-0 Lagun Onaken kontra Agorrosinen.
Neskak etxean
2. mailako emakumezkoen taldeak etxean jokatuko du asteburu honetan, eta ez du edonolako aurkaria aurrean izango, Pauldarrak liderrak bisitatuko baitu Mojategin. Ohorezko Erregionaleko mutilen kasuan bezala, neskek ere zapatuan izango dute hitzordua. Gipuzkoarren eta bizkaitarren arteko lehia arratsaldean jokatuko da baita ere, 16:30etan hasita, hain justu.
Denboraldiari buru-makur ekin ostean, ligako aurreneko partiduan 0-2 galdu zuten etxean San Inazioren kontra, Mondrako neskek egoerari buelta eman zioten pasa den asteburuan. Izan ere, partidu oso serioa jokatuta, 1-4 nagusitu ziren Añorgaren zelaian. Esan beharra dago ordura arte donostiarrak kategoriako liderrak zirela, lehen jardunaldian 0-6 irabazi baitzioten Eibarri.
Honenbestez, Arrasateko taldea sorpresa berri bat ematen ahaleginduko da zapatu arratsaldean. Dena den, sarrailagileek ez dute lan erraza izango, Pauldarrakek aise irabazi baititu orain arte jokatutako bi partiduak. Lehen jardunaldian 1-6 hartu zuten mendean Castejon igo berria, eta pasa den asteburuan 3-1 irabazi zioten Eibarri etxean.
Honenbestez, kategoriako goleatzaile nagusia izanik, Mondra lehenik eta behin atzealdean sendo aritu beharko da bizkaitarren kontra. Arrasateko taldea sailkapenaren erdialdean dago, zazpigarren postuan hiru punturekin, hain justu ere. Zuri-moreekin beste bost talde berdinduta daude: Oiartzun, Aurrera Vitoria, Añorga, Zarautz, San Juan eta Athletic.
Garazi atzelaria San Inazioren kontra lehen jardunaldian jokatutako partiduan.
ASTEBURUKO PARTIDUAK
OHOREZKO ERREGIONALA
Trintxerpe – Mondra Larunbata 22, 17:00etan.
EMAKUMEZKOEN 2. MAILA
Mondra – Pauldarrak Larunbata 22, 16:30etan.
OHOREZKO JUBENILA
Euskalduna – Mondra Larunbata 22, 15:30etan.
KADETEAK
Mondra – Ordizia Larunbata 22, 10:00etan.
Urola – Mondra Larunbata 22, 10:00etan.