Gaur, astelehena, Espainiako Itzuliaren hirugarren etapa korritu da, eta, honen baitan, txirrindulariek Arrasate zeharkatu dute. Tropela eguerdi partean Errioxa aldetik abiatu da, eta Gasteiz eta Arlabaneko mendatea zeharkatu ostean, Aretxabaleta aldetik heldu da gure herrira. Saihesbidea igaro ostean, txirrindulariek Kanpanzar igo dute Epeletik, eta ondoren Eibarrerako bidea hartu dute. Etaparen amaiera hiri armaginean kokatu da gaurkoan, Arrateko mendatean, hain justu.
Gaurko etapako irabazlea Movistar taldeko Alejandro Valverde izan da, Beñat Intxausti taldekidea eta Joanquin “Purito” Rodriguezi irabazita, azken hau Katusha taldeko kidea. Dena den, gure ordezkarietako bat, Markel Irizar, protagonista ere izan da gaurkoan. RadioShak taldeko txirrindulari oñatiarra hainbat kilometrotan ihes eginda egon da, zortzi txirrindulariz osatutako multzoan. Bailarako jarraitzaileen animoak lagun zituela, Irizarrek 2:35 minutuko abantaila zuen tropelarekiko Kanpanzarreko mendatean.
Zoritxarrez, baina, helmugara heltzeko 8 kilometroren faltan tropelak harrapatu du. Azkenean 88. postuan helmugaratu da, Valverdetik 6 minutu pasatxora. Gure beste ordezkariak, Euskaltel Euskadiko Ivan Velasco arrasatearrak, zertxobait aurrerago amaitu du gaurko etapa, 35. izan baita. Sailkapen orokorrean Irizar 33. postuan dago, eta Velasco 54.a da. Gaurko garaipenarekin, berriz, Alejandro Valverdek du jertse gorria.
Ihes egindako txirrindulariak Kanpanzar igotzen.
Tropela, Arrasateko saihesbidea zeharkatu ostean.