Testua eta goiko argazkia: Gontzal Landa Herbias / 2014ko urtarrilak 9, osteguna
Irati Mujika mutil-lagunarekin, Jokin Orobengoarekin, zihoan atxiloketaren unean, arratsaldeko 18:45ak aldera. Ekonomatora zihoazen, Aramaioko Nardeaga kalean eta bat-batean kotxe batetik paisanoz jantzita bi polizia atera dira eta bikotearen gainera bota dira.
Poliziak zirela esan diete eta identifikatzeko exijitu diete, baina bikoteak ezetz erantzun die. Plakak erakutsi dizkiete eta Irati zela bazekitela gehitu dute. Bikoteak aukera izan du elkar besarkatzeko eta agur esateko.
Irati oihu artean sartu dute kotxean, paisanozko beste bi polizia agertu direlarik. Mutil-laguna errepidean etzan da, polizien kotxearen aurrean. Poliziak ekimen baketsuari erantzun dio mutilari ostikoak emanez eta mutilaren ileari tiraka egin diote.
Presentzia poliziala nabaria izan da Aramaioko kaleetan azken hilabeteetan, eta bizilagun ugarik horren berri zuten.
Mutil-lagunak azaldu digu ez dakitela Irati nora eraman duten. Ez dakite Gasteizko komisaria batean duten edo Madrilerako bidean den. Baina litekeena da kartzelara zuzenean eramatea.
Jokin Orobengoak aldarrikatu du Irati Mujika libre izan behar lukeela, Iratiri komisaldegian atera zioten deklarazioa torturapean atera baitzioten. Beraz, deklarazioa baliogabetu beharko litzateke.
Izan ere, Irati Mujikak konfiantzazko abokatuarekin egoterakoan salatu zituen 2008an mehatxu sexualak, kolpeak, "poltsa" delako tortura,... Poliziak Segikoa izatea leporatzen zion.
Jokin atxiloketa izandako kalean aurkitu dugu, bere koadrilako lagunen eta beste lagun batzuen babesa jasoz.
Gogoan izango duzuen bezala, Irati Mujika, Irati tabernako langile, uko egin zion gazte independentisten aurkako makro-epaiketan bere burua aurkezteari, eta urritik desobedientziaren bidea jorratu du, beste 3 gazterekin batera. 3 lagun horiek aske jarraitzen dute.
Arrasaten atzoko 8 euskal herritarren atxiloketak salatzeko manifestazioa egin da. Bertan eman da Irati Mujikaren aurkako atxiloketaren berri.
Arrasateko manifestariek besarkada bat helarazi diete senide eta lagunei. Halaber, manifestaziorako arrazoi gehiago daudela azpimarratu dute.
Atxiloketari erantzuteko, bihar, ostirala, ezohizko batzarra egingo da Aramaioko udaletxean 19:00etan. Batzarraren ostean, ekimen desobedientea egingo da herriko enparantzan.