"Txintxarri mihinbakoa sasian usteldu" (atsotitza)

NABARMENAK

  • Elorrioko Jaiak ELORRIOKO JAIAK

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
   
Arizmendi ikastola, aurrera begira
Hasi da Arizmendi ikastolako matrikulazio epea. Otsailaren 1etik 12ra bitartean zabalik egongo da izen-ematea. Txaro Iraetak eta Arantza Lejarragak, Arizmendiko zuzendaria eta Haur Hezkuntzako orientatzailea, hurrenez hurren, eman digute matrikulazioen eta aurtengo berrikuntzen berri.

5 (id: 1920172)

   

   

Testua: Maialen Gonzalez

Argazkiak: ARIZMENDI / M.G.

2010/02/01 


 

-Txaro Iraeta, urteak daramatzazu Arizmendiko zuzendaritzan. Eboluzioren bat nabarituko zenuten urteetan zehar, ez da?

 

Matrikulazioarekin lotuta, aipatzekoa da 0-3 urteko haurren matrikulazioaren hedapena. Duela 10 urte, esaterako, oso portzentai txikiak ematen zuen izena adin horretan haurtzaindegian; azken 5-7 urteotan, portzentai hori asko igo da. Arizmendi barruan, hasieran, Umezaintza zen etapa horretan eskolarizatzen zuena, eta gero, Eskoriatzan eta Aretxabaletan hasi ginen. Azken lau urteotan gehikuntza izugarria eman da eta Umezaintza txiki gelditu zaigu. Ondorioz, Uribarri zabaltzea erabaki genuen, luzapen gisa. Momentu honetan, Uribarrin 100 bat ume ditugu eskolarizatuta. Umezaintza umez lepo izatearekin batera, Uribarrin 0-3 urte bitarteko umeen 7 talde ditugu.

 

Eskolarizazioari dagokionez, Arizmendi ikastola sortzeak mesede handia egin digu. Bateratze horrek, asko lasaitu gaitu, orudura arte norberak berea atera behar baitzuen aurrera eta orain, guztiok bat gara.

 

-Batxilergoa Almen gunean kokatzea erabaki eta urte batzuetara, Arrasaten ere eskaintzen hasi zarete.

 

Gune bakarrean eskaintzeko erabakia hartu zenetik urteak igaro dira, nahiz eta ikasle eta irakasle batzuk oso ados ez egon: herri aldaketa, autobusez joan beharra… Denborarekin normalizatzen joango zela uste genuen arren, urteetan iritziak ez ziren aldatu eta azkenean, ikasleekin eta gurasoen ordezkariekin erabakia baloratuz, bigarren ikasturtez Arrasaten eskaintzen ari gara berriz ere. Horrela, bi guneetan dugu, Eskoriatzan eta Arrasaten. Bi lekuetan emanda ere, eskaintza bera da bietan, ez dago alderaketarik. Ekonomikoki gastu gehiago eskatzen duen arren, ikasle zein guraso askok nahiago izan zuten horrela izatea eta guk, horri erantzun diogu. Gainera, erabaki honen ondoren, portzentai handiagoa gelditu da ikastolan ikasketak jarraitzen. Izan ere, ikastolan dauden ikasleetatik batxilergoa egitea erabakitzen dutenetatik %92, 5a gelditu da ikastolan.

 

Aurtengo matrikulazioei begira, nik uste krisi ekonomikoak eragina izango duela. Konkretuki, 0-3 urteetako haurrak eskolaratzeari dagokionez. Hots, aita edo ama etxean baldin badago lehen baino gehiago, nire ustez umea beranduago eskolaratuko dute. Oraindik ziur zer gertatuko den ez dakigun arren, portzentai hori murriztuko delaren susmoa dugu. Bestetik, momentu honetan, mugimendu gehiago nabaritzen ari gara eskola-zerbitzuan, haurtzaindegi-zerbitzuan baino. Hau da, eskola egutegia duen zerbitzuan, oporrak eta jai egunak sartu barik.

 

 

HAUR HEZKUNTZAKO BERRIKUNTZAK    

Aurtengo planteamenduari begira, berrikuntza bat zein beste eramango du haurrera Arizmendik. Arantza Lejarragak, Haur Hezkuntzako orientatzaileak, eman digu horien berri.

 

4 (id: 1883694)

 

-Haur Hezkuntzan, zenbat gune dituzue?

 

Zazpi ditugu guztira: Jose Arana, Eskoriatzan; Basabeazpi, Aretxabaletan; eta Umezaintza, Arimazubi, Santa Teresa, Olarte eta Uribarri, Arrasaten.

  

-Zerbitzu ezberdinak eskaintzen dira bakoitzean?

 

Umeen adinaren araberakoak dira zerbitzuak. 2-5 urte bitarteko hezkuntza, Olartek, Santa Teresak eta Arimazubik; 2-6 urte bitartekoa, Basabeazpik; 0-6 urte artekoa, Umezaintzak eta Jose Aranak. Zerbitzuei dagokienez, Arrasaten, Umezaintzak eta Uribarrik, egutegi eta zerbitzu luzea dute, eta beste guneek, egutegi-eskolarra darabilte. Jose Aranan eta Basabeazpin, aldiz, herri bakoitzean eskaintzen dugun zentro bakarrak direnez, zerbitzu guztiak eskaintzen dituzte.

 

-Zenbait berrikuntza jarriko dituzue martxan.

 

Arizmendi ikastola sortu genuenetik, pedagogia arloa bereziki garrantzitsua izan da, bultzada eman eta umeen garapenaren bidean gauzak ondo egiten ari ginen mahaian jartzea. Urteetan hainbat teoria izan ditugu hizpide, arlo psikologikoan eta aprendizaia mahaian. Momentu jakinetan, “modan” araberako norabidea hartzen genuen eta batzuetan, batera eta bestera ari ginela ikusten genuen, garaiaren eta moda horren arabera.

 

Duela urte batzuk, gure hezkuntza-proiektua diseinatzerakoan, orain arteko guztia kokatu eta gure lanari zentzua emango liokeen zerbait behar genuela konturatu ginen. Hainbat mintegi eta proiektutan parte hartu ondoren, ia guztiak ildo beretik zihoazela ohartu ginen eta ildo horiek finkatzen eta teoria guztiak lotzen zuen pertsona bat aurkitu dugu gure bailaran, gaitasunak, ezaugarriak eta ezagupenak dituena guzti hori osatzen laguntzeko, Rafael Cristobal, hain zuzen. Duela bi urtetik hasi gara berarekin lanean.

 

-Zer aurkitu duzue berarengan?

 

Orain arte bere bidetik zihoazen teoria guzti horiek lotu egiten ditu, nolabait. Osotasun ikuspegi bat ematen die, eta arlo zientifikoan oinarritzen den psikopedagogia baten bidez.

 

3 (id: 1843289)Orain arte, umea egokitu behar izan da inguratu duen testuingurura. Horren aurrean, ulertu behar dena da umea izan behar dela erdia, bere gaitasunekin eta ezaugarriekin, beregan konfidantza izanda antolatu behar dugu gure ekintza eta gure lana, arlo psikopedagogikoan eta metodologikoan. Cristobalek oinarri psikopedagogiko batzuk ematen dizkigu eta horrek eramaten gaitu, gure eguneroko lana “zalantzan” ipintzera: metodologia, espazioen antolaketa, irakaslearen papera…  

     

Momentu honetan, beraz, gure jarduna berraztertzen ari gara, teoria hauen arabera, hain zuzen. Ideia horiek paperetan agertu daitezkeen arren, askotan ez dira geletara eramaten. Aprendizaia eraikitzailearen ildotik, umeak berak egin behar du bere bidea, autonomia eman behar zaio, norberak jarri behar ditu oinarriak eta tresnak… baina guk zer egiten dugu? Adinaren arabera geletan antolatu eta gela bakoitzarentzat ekintzak planteatzen dira. Aitzitik, gerta daiteke ume horren garapena ez etortzea bat gela hortarako dauden helburuekin. Horrela, berak ez du bere bidea egin, guk finkatu dugu. Kontuan izan behar dugu umeen aniztasuna eta agian, metodologiak aldatu behar dira garapena eta aprendizaia modu egokian eman daitezen.

 

Filosofia honen bidez, umearen garapenaren erritmoak zaindu eta kontuan hartzen dira, baita erritmo biologikoak ere. Eta hauen arabera, umeak behar duenaren arabera, guk ingurua antolatu behar dugu. Horrela, umeak bere bidea egingo du, garapen, aprendizaia eta erritmo mailan.

 

-Horretarako, hainbat aldaketa jarri dituzue mahai gainean.

 

Hainbat alorretan, gainera: antolaketan, taldeak egiteko moduan, irakaslearen rolean, eraikinaren antolaketan… aldaketa txikiak egiten hasi gara, eta epe luzerako helburuarekin, aldaketak nabarmenagoak izango dira, hala espero dugu behintzat.

 

2 (id: 1804372)

 

-Gurasoen papera ere funtsezkoa da.

 

Aldaketa horretan gurasoen inplikazioa ere ezinbestekoa da. Komunitate osoko lana eta elkarrekintza izan behar da. Momentuz, bide hau ezagutzen joan daitezen nahi dugu, ikusten ditugun oinarrizko printzipio horietan formatzearen bidean. Aurten hasi dugu esperientzia bat, ‘Gurasoen Mintegia’ deiturikoa, familia-talde batekin. Leheneko saio honetan, 22-23 pertsonak osatutako taldea dugu eta hilean behin zapatutan elkartzen gara.

 

Umearen garapeneko lehen urtea izan dugu hizpide. Umearen garapena lantzeko, umea bera ezagutu behar dugu. Beraz, aurrera jarraituz gero, talde horrek bigarren urteari ekingo dio datorren urtean, eta beste talde batekin hasiko gara lehen urtea aztertzen. Eta horrela aurrerantzean. Urte askotako prozesua izango da eta helburua, DBHraino heltzea da. Hala ere, poliki-poliki eta pausuz-pausu goaz.

 

-Zer moduzkoa izaten ari da esperientzia?

 

Gu oso pozik gaude, gainera, aipatzekoa da zapatutan antolatzen diren mintegietan, erdia baino gehiago gizonezkoak direla. Orain arte egindako hitzaldi eta mintzaldietan, emakumezkoak izan dira gehienak, eta oraingoan, bikoteak eta gizonezkoak ere etorri dira guregana; beraz, pozteko arrazoia ere bada. Guraso askok umearen heziketaren parte izan nahi dute baina askotan ez dakite nola. Eta askok pentsatzen dute eskolan hobeto hezituko ditugula, heziketari buruz “gehiago dakigula” uste dutelako, edo.

 

595.1 (id: 2027770)

 

Guztion arteko oreka bat behar da, ezin baitugu umea zorabiatu etxean eredu bat eta ikastolan beste bat helaraziz. Espazioen erabilpenean ere eskua sartu beharko dugu, guztion arteko lana baldin bada, batera egon beharko gara. Umeek imitazioz ikasten dituzte gauza asko eta eredua garenok eredu egokia eman behar diegu, kooperazioa, elkarrekintza eta beste hainbat balore helaraziz.

 

-Txokoen bidezko antolaketa duzue martxan Haur Hezkuntzako umeentzat.

 

Umeen aniztasunaren aurrean, metodologia anitzak planteatu behar dira. Ikasteko, barneratzeko… modu ezberdinak dituzte eta gure lana, gauza anitzak eskaintzea da, behar horiei erantzunez: txokoak, lan-proiektuak, unitate didaktikoak… erabiliz. Orain arte, ordea, umeak adin naturalaren arabera antolatu izan ditugu baina hor ere, arazoak sortzen dira. Urte hasierako eta bukaerako umeek, esaterako, garapen eta erritmo ezberdinak eraman ditzakete maiz. Horri aurre egiteko, txokoen orduetan adin-nahasketa egotea erabaki dugu. Jolas momentu horretan, autonomiaz eta adinak nahastuta jolasten dute.

1 (id: 1583771)

 

Txokoen bidez, hainbat alor lantzen dituzte: sinbolikoa (sukaldea, denda, ile-apaindegia), artistikoa eta plastikoa, mahai jolasak, musika, eraikuntzak, motorea, kognitiboa, soziala, IDZ, sormena lantzeko (ipuinak eta hizkuntza)… garapen-mailari dagozkion interesak eta jolas beharrak islatuz. Arratsaldeko orduetan bertan egoten dira, ostiraletan izan ezik, orduan ingurune naturala ezagutzeko tartea izan zezatela erabaki baikenuen.

 

-Adin-nahasketa gune guztietara hedatu da?

 

Ez, Arimazubin hasi gara soilik, irailean hasi eta bost hilabete inguru daramatzagu gutxi gorabehera. Txoko bakoitzean, ume kopurua daukagu finkatua baina adin guztiak nahasten dira. 

    

Horrekin zer lortzen da? Ume bakoitzaren erritmoa errespetatzea eta autonomia lantzea, ume bakoitzak erabakitzen baitu zein txokotara joan nahi duen. Adinen arteko harremanen aberastasuna eta motibazioa (haur nagusiak txikiari lagundu eta horrek autoestiman eragina du) lantzen da, rol aldaketak baita ere (ikasleak beste irakasleekin, irakasleak beste ikasleekin…) eta horrek etiketazioa ekidin dezake, puntu oso garrantzitsua dena. Gainera, irakasleak denbora gehiago eskaini diezaieke umeei, beharra duten momentuan bertan egongo da laguntza emateko, baina ez gidari moduan. Gidaria eta zentrua umea izan behar da eta laguntza behar izanez gero, noski, irakaslea bertan izango da. 

 

Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE