Euririk gabeko aldi luzea bi aldiz luzeago egiten da
   
Horretarako, bazkide-laguntzaileak behar ditu

Mondraberrik aurrera egingo du, herritarren ezinbesteko laguntzaz

Bi asteko etenaldiaren ostean, langileek hartu dute proiektuaren ardura. Bigarren ibilaldi honetan arrasatearren parte-hartzea hedabidean areagotzea da nahia, eta horretarako bazkidetze-kanpaina abiarazi dute herritar, elkarte, denda, taberna eta enpresen artean.
Testua eta argazkia: Mondraberriko lantaldea / 2012-ko martxoak 15, osteguna


Diru-laguntza publikoen murrizketek behartuta Portaloi Kultur Elkarteak Mondraberriren jarduna etetea erabaki ostean, bertako langileek proiektua birplanteatu eta aurrera jarraitzea erabaki dute.  Pasa den otsailaren 29an, asteazkena, eten zuen bere jarduna Arrasateko Egunkari Digitalak;  bi aste hauetan hausnarketa sakona egin, eta proiektuaren bideragarritasuna aztertu eta finantziazio aukera posible berriak aurkitu ostean, ostiralean Mondraberri berriro ere martxan jarriko da.

 

Aurrera egitearen erabaki hau hartzeko ezinbestekoak izan dira herritarren aldetik jasotako elkartasun mezuak eta animoak, hori dela-eta, arrasatearrak proiektuaren ardatz izatea da helburua.  “Mondraberri, herritarrentzat eta herritarren hedabidea” izango da Arrasateko Egunkari Digitalaren aro berriaren leloa.  Horretarako bazkide-laguntzaile egiteko kanpaina abiarazi du Mondraberriko lantaldeak dagoeneko; herritar, elkarte, negozio eta enpresen artean, hain zuzen.

 

450.MB.Bazkide.Lagun.Kanpai (id: 1128590)

Aurkezpenean babesa eman dute elkarteetako ordezkariez gain, aurpegi ezagunak ere egon ziren:  Velez de Mendizabal idazlea edota Mikel Gonzalez futbol jokalaria.

 

Harpidedunek, euren izaera juridikoaren arabera kuota ezberdinak ordainduta, hainbat abantaila izango dituzte irakurle arrunten aldean:  iritzi-artikuluak publikatu, deskontuak iragarki eta eskeletan, argazki orijinalak doan eskuratzeko aukera (betiere beste hedabideetan baimenik gabe ez argitaratzearen baldintzarekin), hileroko zozketetan parte hartu, iradokizunak egin lantaldeari …  Esan bezala, herritarrak Mondraberriren oinarria izatea da helburua, horregatik bazkideek euren testuak argitaratzearen bermea edukiko dute, iraingarriak ez izatearen baldintzarekin.

 

Esan bezala, nahi duenak dagoeneko “Mondraberri-kide” izateko aukera badauka;  horretarako, argazki batekin batera esku-orria bete eta Mondraberriko egoitzan entregatu (Arrasate pasealekua, 3, behea), edota gauza bera egin webgunean eskuragai dagoen artxiboarekin, eta mondraberri@gmail.com helbide elektronikora bidali beharra dago.  Bertan bazkide-laguntzaile bakoitzak bere kontu korrontearen zenbakia adierazi beharko du, urterokoa izango den kuota ordaintzeko.  Horren truke, eta aurretik aipatutako abantailez gain, “Mondraberri-kide” txartela ere jasoko du.

 

 

Herriko elkarteen laguntza

 

Dena den, harpidetze kanpaina hau ez dago pertsona fisikoei zuzenduta soilik.  Aurrerapausoa ematearen erabakian ere sekulako garrantzia izan du herriko elkarte ezberdinen aldetik –kirol, kultur eta gizarte arlokoak- jasotako babesak, partikularren laguntzarekin batera ezinbestekoa Mondraberriren etorkizuna bermatzeko.  Honako hauek, kuota ordaintzeaz gain, hilero-hilero zozketatuko diren opariak ere jarriko dituzte.

 

Azken bi aste hauetan eurekin izandako bileretan hainbat elkartek proiektuarekin bat egiteko asmoa plazaratu dute.  Beste askok Mondraberriren proiektu berria begi onez ikusi badute ere, oraindik ez dute baiezkorik eman, azken erabakia bazkide guztien artean hartu behar baitute.  Era berean, gogoratu beharra dago proiektu berri honetan parte hartu nahi duen edonork Mondraberriko lantaldearekin harremanetan jartzea besterik ez duela egin behar:  943797837 telefonoan edota mondraberri@gmail.com helbide elektronikoan.

 

 

Portaloi Kultur Elkartea

 

Lantalde berriak eskerrak eman dizkio duela urte batzuk –Portaloi Kultur Elkartearen babesteapn- Mondraberri sortzeko ausardia izan zuen, eta gaurdaino hura bideratzeko gaitasuna ondo asko erakutsi duen, lagun-taldeari.  

 

Izan ere, zerotik hasita, arrasatearren artean ondo errotutako hedabide erreferentziala izatera heldu baita Mondraberri, informazio eredu propio bat ezarriz gure herrian, fresko, bizia eta gertukoa.

 

Era berean, gure eskerrik beroenak ere horrelako proiektua langileon esku uzteagatik, "ea Mondraberri kazetarien harrobia izaten jarraitzen duen”.

 

 


Bazkide-laguntzaile izateko, klikatu hemen



Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE